martes, 25 de noviembre de 2008

Espainiako Hezkuntza Legedien erkaketa

Lan prozedura:
Ohiko prozedura jarraitu dugu: lehen urratsa eskatu zaigun lanaren aspektuak aztertzea izan da, bigarrena egin beharreko lanak eta urrats hurrenkera zehaztu eta planifikatzea, hirugarrena planifikatua gauzatzea.

Egindako lanak hurrenez hurren:
  • Klasean irakasleak banatutako LGE, LOGSE,LOCE eta LOE legeen eskemak aztertu.
  • Legeen aspektu esanguratsuenak jasotzeko taula diseinatu: definizioa, onartutako urteak, aplikazio urteak, izaera, hizkuntzak, egituraketa, ibilbidea eta promozioa, edukiak, metodologia eta prozedurak, ebaluazioa, IKT-ak.
  • Lege bakoitzaren berezitasunekin taula osatu.
  • Taula Word programan prestatu eta osatu.
  • Zalantzazko aspektuak kontrastatu legeetara joanda; iformazioa IGZ-ko apunteetan eta interneten bilatu dugu.
  • Legeen arteko erkaketa egin, ondorioak atera eta Blog honetan idatzi.
  • Blog-era ekarri Word taula Slideshare sistemaren bitartez.
  • Lana egiteko jarraitutako prozesuaz hausnarketa egin, ondorioak atera eta Blog-ean idatzi.
Lanaren antolaketa eta banaketa:
Prozeduran adostutako lehen hiru urratsak taldean eta klaseko orduetan egin ditugu, legedi eskema bakoitza elkarrekin intepretatuz eta puntu esanguratsuenak adostuz. Laugarren eta bostgarren urratsak eskolorduz kanpo egin ditugu, egin beharreko lanak banatuta: bi kidek kontrasteak eta informazio osagarriak biltzeaz arduratu gara eta, hirugarrenak, taula Word-en jarri du. Seigarren eta zazpigarren lanak taldean eskola orduetan egin ditugu. Azkenekoa, taldekide guztiok parte hartuz burutu dugu, baina etxetik internetek eta blogak ematen duen aukera erabiliz.

IKT-en erabilpena:
Bere funtzionamendua, normala denez, gero eta errazagoa egiten zaigu. Honek, bertan egindako lanak, noiznahi, eskolan edo etxean, berbegiratu, zuzendu eta osatzeko aukera eman digu. Slideshare sistema berriro erabili dugu bi arrazoiengatik: taula ekarri nahi genuelako blogera, bertan baitaude xehetasun guztiak, eta baita programen arteko interakzio hau erabiltzeagatik eta praktika hartzeagatik.

Arazoak eta irtenbideak:
Ez dugu aparteko arazorik izan talde-lanean; jarritako erritmoa ondo eraman dugu atzerapen handirik gabe bakoitzak bere ekarpenak eginez. Ulermen eta adostasun maila ere handia da. Taldeko kide bat urte askotan irakasle dena izateak asko aportatzen dio lanaren kalitateari. Halere, dexente kosta zaigu nahi genuen sintesia egitea, ze legeak oso xeheak dira eta puntu askok dute garrantzia. Halere, uste dugu, jakitea komeni den guztia bildu dugula.

Slidesharek ez ditu taularen propietate guztiak gorde transformatzerakoan. Hau delata, orriak ez daude behar den tokian zatituta. Estetikoki ez da egoki geratu, baina ez da informaziorik galdu eta uztea deliberatu dugu.

Jardueraren balioa:
Espianiak 1970az gero izan dituen Hezkuntza Legeak hobeto ezagutzeko eta, batik bat, izan den bilakaera ezagutzeko eta gaur egungoaren berezitasunak hobeto ezagutzeko aukera eman digu. Horrezaz gain, talde lanaren onurez jabetzeko (interpretazio desberdinak, eztabaida, adostasuna...) garrantzitsua izan da. Baliapide teknikoei dagokienez, Bloga eta SlideShare sistemetan praktikatzeko aukera eman digu.

Emaitza:
Jarraian duzue honen guztiaren emaitza. Taula lehenik (pantaila osoan ikusgarri jar daiteke) eta erkaketatik atera ditugun ondorio esanguratsuenak gero.

2008 11 28 Lege Erkaketa Taula
View SlideShare document or Upload your own.


1.SARRERA eta AURREKARIAK:

Gaur egungo gizartean hezkuntzak berebiziko garrantzia du gazteentzat, beroni esker eraikiko baitute beren izakera eta garatuko baitituzte beren gaitasunak. Era berean hezkuntzari esker bereganatuko dituzte gaur egungo gizartearen kohesioa lortzeko beharrezkoak diren balioak.

Jarduera honetan, hezkuntza sistemak XX. mendearen erdialdetik aurrera jasan duen eboluzioa aztertuko dugu, hezkuntza lege desberdinen testuingurua eta ezaugarriak erkatuz.

Oinarrizko hezkuntzaren orokortasuna Espainiar Estatuan berantiarra izan da, eta 1970.ko Ley General de Educación (LGE) legearekin ezarri zen. Lege honek 6-14 urte bitarteko eskolaratzea derrigortzen zuen eta, hortik aurrera nahi zuenak ikasten jarraitzeko aukera baldin bazuen ere , lanean hasi nahi zuenak hamasei urte bete arte itxaron behar izaten zuen. Derrigorrezko eskolaratzearen eta lanean hasteko gutxiengo adinaren arteko desfaseak eta beste zenbait hutsunek, lege berri baten beharra ekarri zuten eta, horrela, LOGSE legea ezarri zen 1990an. LGE legearen hutsuneen artean hauek nabarmendu behar dira:

  • Aipatutako adin desfasea
  • Lanbide heziketa akademikoegia izatea eta ekoizpen mundutik urrundua.
  • Hezkuntza sistema garai berrietara egokitu beharra (gizarte aldaketetara nahiz teknologia berrietara)
  • Haur hezkuntzaren egituraketa eza.
  • Errealitate autonomikoen ukazioa, honek suposatzen duen kultura eta hizkuntz aberastasunaren galerarekin.
  • Ikasleen aniztasuna kontutan ez hartzea, ez gaitasun aldetik, ez jatorriaren aldetik, eta ezta interes eta motibazioaren aldetik ere.
2.- LOGSE:


Esan bezala , 1990.ean Ley Organica General del Sistema Educativo (LOGSE) lege berria ezartzen da. Lege honekin, derrigorrezko eskolaratzea 16 urterarte luzatzen da (aipatutako desfasea ekidinez), Haur Hezkuntzako etapa egituratzen da eta Lanbide Heziketari bultzada berri bat ematen zaio, beste ezaugarrien artean, ziklo hauen plangintza eta diseinuan lantegietan betebeharreko praktika orduak sartzen baitira. Horrekin batera, Lanbide Heziketa alorreko ikasketa ez da mugatzen erdimailako eta goi mailako lanbide formakuntza zikloetara, DBH-ko etapan ere, teknologia arloari esker, oinarrizko heziketa profesional bat bideratzea helburu baita.

Hauek dira LOGSE legeak ekartzen dituen berrikuntza aipagarrienak:

a) Metodologia aktiboa bultzatzea (ikasleak parte hartzen du ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan) eta ikasleak ikasten ikastera prestatzea.

b) Ikasleen aniztasunari erantzuteko estrategia ezberdinak ahalbidetzea, ikasle bakoitzari bere ezaugarri eta beharretara egokitutako hezkuntza eskainiz . Kontutan hartzen dira hezkuntza behar bereziak dituztenak, adimen gaitasun handikoak eta atzerritarrak.

d) Helduentzako hezkuntza (EPA). Bere garaian DBH-ko ikasketak utzi zituzten pertsona helduei DBH-ko gaitasun eta ezagutzak lortzeko aukera ematea du helburu.

e) Hezkuntza sistema malguagoa. Bere momentuan titulurik lortu gabe ikasketak utzi dituzten ikasleei nahiz ikasketa ibilbide zuzena jarraitu ez dutenei, hezkuntza sistemako ibilbide nagusira itzultzeko eta hezkuntza sistemako tituluak lortzeko aukera eskeintzen zaie. Horretarako, zeharkako ibilbideak eta beste neurri jakin batzuk proposatzen dira.

f) ORIENTAZIO departamentua sortzen da eta orientazio akademiko-profesionalak eta tutoritzak kontenplatzen dira hezkuntzaren funtzioen artean.

g) Ikasketa artistikoak, kirol ikasketak eta hizkuntz ikasketak ere hezkuntza sistemaren barruan txertatzen dira.

h) Atzerriko hizkuntzei garrantzia handiagoa ematen zaie:
  • Haur hezkuntzan hasten dira hizkuntza hau jorratzen (LGE-rekin 8 urtekin hasten ziren haurrak atzerriko hizkuntza ikasten).
  • Bigarren atzerriko hizkuntzaren ikasketarako aukera eskeintzen da DBH etapan.

3.- LOCE:

1990.eko hamarkadaren bukaeran, PP gobernuan dela, hezkuntzaren kalitatea hobetu beharra dagoela ikusten da; nazioarteko ikerketa batzuek ikasleen errendimendua eskasa azaleratzen dute, besterik beste. Honen ondorioz 2002. urtean beste lege bat proposatzen da: Ley Orgánica de Calidad de la Enseñanza (LOCE). Lege honen helburuen artean dauzkagu:

a) Kalitatezko hezkuntza eskaini. Emaitzak hobetu eta titulaziorik gabe ikasketak uzten dituzten ikasleen portzentaia txikitu batetik eta, bestetik, irakasleriaren etengabeko formakuntza ezinbestekoa bihurtu.

b) Hezkuntz komunitate osoaren inplikazioa lortu hezkuntza prozesuan. Hau da, arrakastaren ardura ez da soilik ikaslerena; familiak, ikastetxeak, irakasleriak ere badute zeresana. Esfortzua izan behar da hezkuntza komunitateko partaide guztien ezaugarria.

d) Teknologia berrien eskuragarritasuna ziurtatu.

e) Ebaluazioa hezkuntza prozesuko eragile eta eremu guztietara hedatu, hobekuntza helburu dela beti ere. Honela, ikasleak ez ezik, irakasleria, ikastetxea, curriculuma, administrazioak... ebaluatuak izango dira.

LOCE legeak promoziorako baldintzak zorrozten ditu eta DBH-ko 2. zikloan jadanik modalitate desberdinak eskaintzen ditu, ikasleak beren gaitasun edota nahien arabera espezializatzeko aukera emanez. Batxilergoko titulua lortu ahal izateko ezinbestekoa izango da azterketa bat egitea, eta “Gizarte, kultura eta erlijioa” izeneko gaia derrigorrezkoa izango da lehen eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan. Beste zenbait ezaugarri, LOGSE legeak kontenplatzen dituenak izango dira, hala nola: EPA, aniztasunaren trataera, orientazio departamentua... Lege hau izango da IKT-ak serioski aipatuko dituen lehena.

4.- LOE

LOCE legea hala ere ez zen aplikatzera iritsi, hauteskundeen ondoren gobernu aldaketa izan zelako, PSOE itzuli zen boterera. 2006. urtean berriz ere ekiten zaio legeari, eta Ley Organica de Educavión (LOE) delakoa onartzen da: aurreko lege guztiak ezabatuko ditu, oinarritzat LOGSE du baina LOCE-ren zenbait ikuspuntu ere barneratzen ditu. Ibilbidea inklusiboagoa da, eta aukera gehiago zabalduko ditu ahalik eta ikasle gutxiena aukera gabe uzteko helburuarekin. Oraingoan, “Educación para la ciudadanía” gai berria derrigorrezkoa izango da ikasle guztientzat. Erlijioa derrigorrez eskeini beharko da ikastetxeetan, ikasleen esku izanik aukeratzea ala ez. Edonola ere erlijioa ikuspuntu ez konfesionala jarraituz jorratuko litzateke. Aniztasunaren trataerarako modu desberdinak dira nabarmendu beharrekoak:
  1. Hautazkotasuna
  2. Desdoble taldeak
  3. Laguntza irakaslea gela barruan
  4. Lanbide hastapenerako programak (PIP)
  5. Errefortzuak
  6. Egokitzapen kurrikularrak
  7. Dibertsifikazio kurrikularrak
PIP-k, DBH-ko helburuak lortzen ez dituzten ikasleek jarraitzeko programak dira. Oinarrizko formakuntza profesionala eskaintzen dute, ikasle horiei lan munduan sartzeko bideak irekiaz edota erdi mailako lanbide heziketan beren ikasketak jarraitzeko aukera emanez.

Errefortzuak, gai guztiak gainditu gabe promozionatzen dutenei ezartzen zaizkien programak dira. Programa hauen helburua zera da: ikasleak etapan zehar modu eraginkorrean aurrera egin dezan behar dituen oinarrizko ikasketak lortzea .

Dibertsifikazio kurrikularrak. Gabezia sakonak eta iraunkorrak dituzten ikasleei zuzendutako programak dira; ikasle hauek ikaskuntzarako zailtasun orokorrak dituzte curriculumeko arlo gehienetan. 16 urtetik gorako ikasleei zuzenduta daude (DBH-n behin errepikatu dutenak eta DBH 2. maila egin ondoren, DBH 3.era pasatzeko baldintzetan ez daudenak). Ikasle hauek DBH-ko helburuak lortzeko metodologia espezifiko bat jarraitu behar dute, eduki, jarduera nahiz arlo desberdinak jorratuz.

5.- AMAITZEKO

Lau lege eta 38 urteko ibilbidea. Aldaketa handiak izan dira. LOE, azkenekoa izanik, beste guztiek izan dituzten hutsuneak betetzeaz gain, egungo gizarteak eta Europar Batasunak dituen eskakizunekin betetzea du helburu. Legea da ordea, asmo teorikoak, bete behar dutenak. Asko dago egiteko osotasunean aplikatzeko.

lunes, 17 de noviembre de 2008

Teknologi Berriak eta Hezkuntza laburpenaPWP



IGZ graduondoko Teknologia ikastaroko hirugarren talde-lan hau, La Laguna-ko Unibertsitateko irakasle MANUEL AREA MOREIRAren Problemas y Retos Educativos ante las Tecnologías Digitales en la Sociedad de la Información artikuluaren laburpena egitea eta ideia nagusiak Power Point batean antolatzea izan da.

Taldearen antolaketa:
Xabier Lete, Arantza Ordozgoiti eta Jexux Muruaren artean egin dugu lana. Berau burutzeko prozedura hau adostu dugu: artikulu osoa irakurtzea denok, lehen eta bigarren mailako ideiak bereiztea bakoitzak, bereizitako ideia bateratu eta esanguratsuenak adostea, Power-aren diseinua adostea, eta adostutako ideiak bertan idaztea.

Arazoak eta irtenbideak:
Ideia nagusien adostasuna lortzeko ez dugu zailtasunik izan; harrigarria izan da bakoitzak azpimarratu ditugun ideien artean egon den koinzidentzia maila. Power Point-ean idazterako, teknologi berrien aipamena modu desberdinetara egiten denez Area-ren testuan, informazio teknologia digital berriei erreferentzia egiteko ITD izen-laburdura erabiltzea adostu dugu.Zergatik 16 diapositiba eta ez 8? Informazio interesgarri asko galtzeko arriskua dagoelako; hobetsi dugu informazioa eman eta irakurleari edo aurkezleari diskriminazio aukera uztea.

Baliabide teknikoak:
Prestatutako Power-a konpartitzeko, ireki dugun docs.googel orrian zintzilikatu dugu, eta hartara, egindako lana lasai irakurri eta zuzenketak, aldaketak edo puntu berriak dokumentu berean proposatzeko edo egiteko aukera eman digu.

Jardueraren balioa:
Lehenik eta behin, ITD-ek gizartean eta, zehazki, hezkuntzan egun eta epe laburrera izango duten garrantziaz hausnarketa egitera bultza gaitu. Bestetik, testuaren lanketan ikuspegiak kontrastatzeko aukera eman digu, sintesirako adostasunak bilatuz. Hirugarrenik, Power Point-a egiteaz gain, gisa honetarako lanak egiteko googledocs-ek eskaintzen dizkigun aukeraz ohartzeko balio izan digu.