jueves, 18 de diciembre de 2008

Informazioa teknologia eta web 2.0: argi-ilunak

Sarrera:
Ikasgai honetan ondorengo tresnak ezagutzeko aukera izan dugu : blogger, googledocks,googlesite,slideshare,moodle eta wikia.

Tresna eta lanaren deskripzio laburra
Tresna hauen funtzioa informazioa konpartitzea da, bakoitza bere berezitasunekin.Egin genuen lehenengo ariketa taldeko bloga sortzea izan zen, bertan erantsi behar genituelako jardueren inguruko hausnarketak. Ondoren googledocks eta googlesite tresnak erabili genituen; tresna hauekin aukera dugu dokumentuak konpartitzea, bakoitzak egindako aldaketak eransteko aukera emanez. Ondoren slideshare tresna ezagutu genuen ezinbestekoa gertatzen zelako Word sisteman eraikitako taulak zein Powerpointak blogera igotzeko(blogean ezin da zuzenean horrelakorik egin).Wikiari dagokionez oinarri teoriko bat jaso dugu baina ez dugu praktikan jartzeko astirik izan; honek ere dokumentuak konpartitzeko aukera eskaintzen du eta moodle tresna irakaslearen apunte eta oharrak jasotzeko erabili izan badugu ere foroetan parte hartzeko aukera ematen du.

Kritika:
Irakaslearen asmoa informazioa kudeatu eta partekatzeko teknologiak eskaintzen duen aukera zabal bat azaldu eta horietara sarbidea egitea izan da. Tresna eskuragarri eta erabilterrez ugari aurkeztu dizkigu, eta, bere gidaritzapean, gu hirurok, teknologia mota honen erabilpenean hutsaren hurrengo eskarmentua dugunok, urrats batzuk ematera hausartu gara. Alde horretatik gustura gaude, onura handiak eskaintzen dituen ezagutza berri batera akzesua izan dugulako, batik bat, informazioa partekatzeko, kudeatzeko eta talde lanerako, eta baita gure lanak hedatzeko ere.

Baina bat jarri behar diogu ordea. Patxarazko denborarik, ez asko eta ez gutxi, ezin izan diogu eskaini tresna bakoitzari. Hauetako bakoitzaren potentziala ezagutu eta beren funtzionalitatean konfiantza hartu ahal izateko denborarik ez dugu izan. Blog hau izan da gehien erabili duguna, baina honen estetika eta espazio banaketa lantzeko, bere aukerak ezagutzeko eta beste, ez dugu astirik eta, batik bat, konfiantzarik izan. Irakasleak hau ulertzea nahiko genuke eta, pentsatzea, aurrerantzean erabiliaren erabiliz trebezia hartzen joan gaitezkeen tresnak direla.

Autokritika:
GoogleDocs, GoogleSite edo Wiki egokiak ziren talde-lan zenbait egiteko, ez bakarrik ikasgai honetakoak, baita IGZ honetako besteetakoak ere. Ez ditugu baliatu behar beste, aukera aproposa izanda. Arrazoiak bat baino gehiago dira: teknologiaren erabilpenean esperientzia eta trebezia maila desberdinak, sistema lan estilo eta teknika desberdinetara ohituak, akzesibilitate aukera desberdinak, lehen aipatutako denbora eskasia... eta, horien eraginez, ausardia apur baten falta.

miércoles, 17 de diciembre de 2008

Joko didaktikoak: Oxford essentials eta Onddoak

Ariketa:
Seigarren ariketa honek, DBH-ko ikasgaiak lantzeko hainbat joko didaktiko interaktibo aztertu ditugu irakasleak emandako teori batzuen begietatik. Hauek dira aztertutako materialak eta erreferentzi teoriak:
  • Aztertutako joko didaktiko interaktiboak: "Oxford essentials" ingelera praktikatu eta ikasteko (1-2 maila); eta "Onddoak" naturaren alor batzuk ikasteko.
  • Material teorikoa: Concepcion del software educativo desde la prespectiva pedagógica (Pablo Rios, WWW.quadernsdigitals.net, 2006-10-05); eta Criterios para la selección de software educativo (Dr.Pere Marqués, WWW.quadernsdigitals.net, 2006-10-05)
Lan prozedura:
Teoriak irakurtzea, esaldi esanguratsuenak azpimarratzea eta materialak ikuskatzea izan da lehen egitekoa. Hemendik aurrera, urrats hauek eman ditugu:
  • Teoriaren begietatik, eta ikasleen heziketa ikasketa prozesua errazte aldera, nolakoak izan behar duten software hauek, eta zein ikuspegi metodologiko landu behar duten zehaztu.
  • Aurrekoa eginik, jokoek bete beharko lituzketen ezaugarri irizpideak zerrendatu ditugu: motibazio aspektuak eta ikasketarako eragin positiboak.
  • Ondoren, jokoak aztertu ditugu markatutako irizpideen arabera.
  • Segidan, ondorioak atera eta guztia jasotzen duen testua idatzi dugu.
  • Amaitzeko hausnarketa hau ekarri dugu Blogera
Lan antolaketa eta banaketa:
Teoriak kide bakoitzak geure aldetik eta osorik irakurri ditugu zati esanguratsuenak azpimarratuz. Materialak taldean eta klasean ikuskatu ditugu lehenik, baina kopia bana hartu dugu etxean lasaiago ikusteko eta ondorioak ateratzeko.

Arazoak eta irtenbideak:
Ez dugu arazorik izan jarduera hau aurrera eramateko orduan. Jokoak ondo aztertu ditugu eskaintzen dituzten aukera guztietaz jakitun egoteko eta zerrendatutako irizpideak betetzen dituzten ala ez argi ikusteko. Zalantzak izan ditugu irizpide batzuk sailkatzeko orduan, bi helburuak aldi berean bete ditzaketelako: ikaslea motibatzea eta ikasketa prozesuan eragin positiboa izatea.

IKT-en erabilpena:
Ez dugu askorik erabili teknologia berria. Galderen erantzunak eta Word transkripzioa ez dira Blogean jarri beharrekoak, beraz, hausnarketa lan hau Blogera ekartzea izan da eginkizun bakarra.

Ariketaren balioa:
Baliagarria iruditu zaigu jarduera hau aurrera eramatea multimedia jokuen heziketa balioa neurtzeko irizpideak finkatuarazi dizkigulako. Ziur gaude hemendik aurrera inkoszienteki ere irizpide hauek kontutan izango ditugula beste joku batzuk esku artean hartzen ditugunean. Hala ere, konparaketa baliagarriagoa izango litzateke konparatutako bi jokoek arlo eta gai bera ikutuko balute, zeren eta hizkuntzek beren lanketarako errekurtso eta metodologia desberdinak eskaintzen dituzte.

martes, 16 de diciembre de 2008

Ikasgaiak eta ordu banaketa DBHn

Ariketa:
Bosgarren ariketa honek, DBH-ko legezko ordutegiaren banaketari buruzko hausnarketa egitera bultzatu gaitu: ikasgai ardatzen, hautazkoen eta osagarrien banaketa hain zuzen. Irakasleak, aukera batzuk jarri dizkigu, legearen baitan, aztertu eta gure proposamenak egin ditzagun.

Lan prozedura:
Eskuetan dugun materiala aztertu dugu lehenik. Bigarrenik, legea begiratu dugu (Espainiako Hezkuntza Legedien erkaketa lana egin berri izana egoki etorri zaigu); hirugarrenik, geure proposamenak adostu ditugu, eta arrazoi ardatzak idatzi; laugarrenik, egindako lana txostenean sartzeko prestatu dugu; eta azkenik, Blogerako hausnarketa prestatu.

Lan antolaketa eta banaketa:
Lehen hiru urratsak, klaseko orduetan eta taldean egin ditugu. Laugarren urratsa taldekide batek egin du: Word-en idatzi eta besteoi pasa digu e-amail bidez, geure ekarpenak egin eta testua ixteko. Azkenik, hausnarketa egin dugu Blogean. Azken hau, beste guztiak bezala, etxean eta klasean egin dugu: taldekide batek orria ireki eta lehen proposamena egin du, besteok beren ekarpenak egin ditugu gero, eta klase orduetan eman diogu azken ukitua.

Arazoak eta irtenbideak:
Diziplina desberdinetakoak izanik taldekideok (biologia, ingeniaritza, filologia), bakoitza bere interesari tiraka hasi eta adostasuna zailtzea zen aurreikusitako arazo nagusia. Ez da gertatu, guztiok hezkuntzaren ikuspegi nahikoa integrala, diziplinartekoa eta eraikitzailea dugu-eta. Gauzak honela, DBH etapan gaudela kontuan izanda, arrazoibide honi jarraitu gatzaizkio:
  • Materia ardatzei eskainitako denbora orekatua izan behar du.
  • Errefortzua, curriculumaren helburuak bermatzeko baliabidea izan behar du.
  • Gaitasun kognitiboak eta sozialak aberastea giltzarria da, beraz, trebetasun teknlogikoak baino gehiago lantzea komeni da.
  • Hizkuntza da gogoeta eta komunikazio tresna nagusia, beraz, garrantzitsua da aurreko puntuan aipatutagoagatik hauek ondo lantzea.
  • Ikasketa prozesua eskola-ekosistemaren ezagutza-errealitatean ardaztu behar du.
Ondorioz, ezaugarri hauek ditu gure proposamenak:
  • Ikasgai ardatzetan gehienez bi orduren arteko aldea dago (8 euskara-6 Natur eta Gizarte zientziak).
  • Euskararen aldeko diskriminazioa, positiboa, egiten da; eta ingelesari gaztelerari adina denbora eskaintzen zaio (izan kontu eskola dela ia espazio bakarra bere lanketarako).
  • Natur zientziei garrantzi gehiago ematen zaio (2 ordu gehiago).
IKT-en erabilpena:
Ez dugu askorik erabili teknologia berria. Galderen erantzunak eta Word transkripzioa ez dira Blogean jarri beharrekoak, beraz, hausnarketa lan hau Blogera ekartzea izan da eginkizun bakarra.

Ariketaren balioa:
Ariketa oso egokia eta lagungarria izan zaigu hondoko helburu hauek lortzeko: DBH-n eman beharreko edukien banaketan irakasleek dituzten eskumenei buruzko gogoeta egin; edukien banaketari buruz bakoitzak bere hausnarketa egin eta taldekideekin partekatu eta kontrastatu; eta, balizko ikastetxeko irakasle arteko adoste prozesua praktikan jarri.

Zer da curriculuma, zer dakigu

Ariketa:
Sei galdera erantzutea zen ariketaren egitekoa. Galderek, azpian dituzuenek, irakasleak izan beharreko jakintza zenbaiti egiten diete erreferentzia. Hona galderak:
  • Nola dakit irakasle bezala zer landu behar dudan klasean?
  • Zertan oinarritzen naiz zer eman behar dudan jakiteko?
  • Nork erabakitzen du zer eman behar den klasean?
  • Zentro guztietako edukiak berdinak izan behar al dute?
  • Klasean eman beharrekoa prestatu behar al da?
  • Klasean ikasleek ikasten duten guztia prestatu behar al da?

Lan prozedura:
Galderak irakurri eta komentatu ondoren, eman beharreko urratsak adostu ditugu: lehenik erantzunak adostu, bigarrenik klasean emandako informazioarekin kontrastatu, hirugarrenik, erantzunak berridatzi, laugarrenik, garbira pasa eta txostenari erantsi eta azkenik, ariketari buruzko hausnarketa adostu eta Blog honetara ekarri.

Lan antolaketa eta banaketa:
Lehen hiru urratsak taldean eta eskolorduetan egin ditugu. Laugarrena egiteko lana taldekide batek hartu du, eta bosgarrena denon artean egin dugu Blogaren akzesibilitatea baliatuz. Bi azken urratsak etxetik egin ditugu, klaseak baliatuz komentario batzuk egiteko.

Arazoak eta irtenbideak:
Ez dugu aparteko arazorik izan, ez adostasunak lortzeko eta ezta gauzatzeko orduan ere. Ariketa honetan planteatzen diren jokabideak aski arautuak izanik, hauetara egokitzea izan da egitekoa: aurreiritzitik benetakotasunera.

IKT-en erabilpena:
Ez dugu askorik erabili teknologia berria. Galderen erantzunak eta Wor transkripzioa ez dira Blogean jarri beharrekoak, beraz, hausnarketa lan hau Blogera ekartzea izan da eginkizun bakarra.

Ariketaren balioa:
Nagusiki, irakasle gisara eta orientaziorik gabe zein aurreiritzerekin jokatuko genukeen gogoeta egitera bultza gaitu. Gero, klasean jasotako ikaspenak balaituz, zenbait ikuspegi zuzendu edo osatu ditugu. Honek guztiak, irakasle rola egoki betetzeko "dakiguna" eta "dakigula uste" dugunetik benetan egin behar denerako bidaia egiten lagundu digu: galderek planteatzen dizkiguten egoeretan irakasleak nola jokatu behar duen jabetu gara era praktikoan.


martes, 25 de noviembre de 2008

Espainiako Hezkuntza Legedien erkaketa

Lan prozedura:
Ohiko prozedura jarraitu dugu: lehen urratsa eskatu zaigun lanaren aspektuak aztertzea izan da, bigarrena egin beharreko lanak eta urrats hurrenkera zehaztu eta planifikatzea, hirugarrena planifikatua gauzatzea.

Egindako lanak hurrenez hurren:
  • Klasean irakasleak banatutako LGE, LOGSE,LOCE eta LOE legeen eskemak aztertu.
  • Legeen aspektu esanguratsuenak jasotzeko taula diseinatu: definizioa, onartutako urteak, aplikazio urteak, izaera, hizkuntzak, egituraketa, ibilbidea eta promozioa, edukiak, metodologia eta prozedurak, ebaluazioa, IKT-ak.
  • Lege bakoitzaren berezitasunekin taula osatu.
  • Taula Word programan prestatu eta osatu.
  • Zalantzazko aspektuak kontrastatu legeetara joanda; iformazioa IGZ-ko apunteetan eta interneten bilatu dugu.
  • Legeen arteko erkaketa egin, ondorioak atera eta Blog honetan idatzi.
  • Blog-era ekarri Word taula Slideshare sistemaren bitartez.
  • Lana egiteko jarraitutako prozesuaz hausnarketa egin, ondorioak atera eta Blog-ean idatzi.
Lanaren antolaketa eta banaketa:
Prozeduran adostutako lehen hiru urratsak taldean eta klaseko orduetan egin ditugu, legedi eskema bakoitza elkarrekin intepretatuz eta puntu esanguratsuenak adostuz. Laugarren eta bostgarren urratsak eskolorduz kanpo egin ditugu, egin beharreko lanak banatuta: bi kidek kontrasteak eta informazio osagarriak biltzeaz arduratu gara eta, hirugarrenak, taula Word-en jarri du. Seigarren eta zazpigarren lanak taldean eskola orduetan egin ditugu. Azkenekoa, taldekide guztiok parte hartuz burutu dugu, baina etxetik internetek eta blogak ematen duen aukera erabiliz.

IKT-en erabilpena:
Bere funtzionamendua, normala denez, gero eta errazagoa egiten zaigu. Honek, bertan egindako lanak, noiznahi, eskolan edo etxean, berbegiratu, zuzendu eta osatzeko aukera eman digu. Slideshare sistema berriro erabili dugu bi arrazoiengatik: taula ekarri nahi genuelako blogera, bertan baitaude xehetasun guztiak, eta baita programen arteko interakzio hau erabiltzeagatik eta praktika hartzeagatik.

Arazoak eta irtenbideak:
Ez dugu aparteko arazorik izan talde-lanean; jarritako erritmoa ondo eraman dugu atzerapen handirik gabe bakoitzak bere ekarpenak eginez. Ulermen eta adostasun maila ere handia da. Taldeko kide bat urte askotan irakasle dena izateak asko aportatzen dio lanaren kalitateari. Halere, dexente kosta zaigu nahi genuen sintesia egitea, ze legeak oso xeheak dira eta puntu askok dute garrantzia. Halere, uste dugu, jakitea komeni den guztia bildu dugula.

Slidesharek ez ditu taularen propietate guztiak gorde transformatzerakoan. Hau delata, orriak ez daude behar den tokian zatituta. Estetikoki ez da egoki geratu, baina ez da informaziorik galdu eta uztea deliberatu dugu.

Jardueraren balioa:
Espianiak 1970az gero izan dituen Hezkuntza Legeak hobeto ezagutzeko eta, batik bat, izan den bilakaera ezagutzeko eta gaur egungoaren berezitasunak hobeto ezagutzeko aukera eman digu. Horrezaz gain, talde lanaren onurez jabetzeko (interpretazio desberdinak, eztabaida, adostasuna...) garrantzitsua izan da. Baliapide teknikoei dagokienez, Bloga eta SlideShare sistemetan praktikatzeko aukera eman digu.

Emaitza:
Jarraian duzue honen guztiaren emaitza. Taula lehenik (pantaila osoan ikusgarri jar daiteke) eta erkaketatik atera ditugun ondorio esanguratsuenak gero.

2008 11 28 Lege Erkaketa Taula
View SlideShare document or Upload your own.


1.SARRERA eta AURREKARIAK:

Gaur egungo gizartean hezkuntzak berebiziko garrantzia du gazteentzat, beroni esker eraikiko baitute beren izakera eta garatuko baitituzte beren gaitasunak. Era berean hezkuntzari esker bereganatuko dituzte gaur egungo gizartearen kohesioa lortzeko beharrezkoak diren balioak.

Jarduera honetan, hezkuntza sistemak XX. mendearen erdialdetik aurrera jasan duen eboluzioa aztertuko dugu, hezkuntza lege desberdinen testuingurua eta ezaugarriak erkatuz.

Oinarrizko hezkuntzaren orokortasuna Espainiar Estatuan berantiarra izan da, eta 1970.ko Ley General de Educación (LGE) legearekin ezarri zen. Lege honek 6-14 urte bitarteko eskolaratzea derrigortzen zuen eta, hortik aurrera nahi zuenak ikasten jarraitzeko aukera baldin bazuen ere , lanean hasi nahi zuenak hamasei urte bete arte itxaron behar izaten zuen. Derrigorrezko eskolaratzearen eta lanean hasteko gutxiengo adinaren arteko desfaseak eta beste zenbait hutsunek, lege berri baten beharra ekarri zuten eta, horrela, LOGSE legea ezarri zen 1990an. LGE legearen hutsuneen artean hauek nabarmendu behar dira:

  • Aipatutako adin desfasea
  • Lanbide heziketa akademikoegia izatea eta ekoizpen mundutik urrundua.
  • Hezkuntza sistema garai berrietara egokitu beharra (gizarte aldaketetara nahiz teknologia berrietara)
  • Haur hezkuntzaren egituraketa eza.
  • Errealitate autonomikoen ukazioa, honek suposatzen duen kultura eta hizkuntz aberastasunaren galerarekin.
  • Ikasleen aniztasuna kontutan ez hartzea, ez gaitasun aldetik, ez jatorriaren aldetik, eta ezta interes eta motibazioaren aldetik ere.
2.- LOGSE:


Esan bezala , 1990.ean Ley Organica General del Sistema Educativo (LOGSE) lege berria ezartzen da. Lege honekin, derrigorrezko eskolaratzea 16 urterarte luzatzen da (aipatutako desfasea ekidinez), Haur Hezkuntzako etapa egituratzen da eta Lanbide Heziketari bultzada berri bat ematen zaio, beste ezaugarrien artean, ziklo hauen plangintza eta diseinuan lantegietan betebeharreko praktika orduak sartzen baitira. Horrekin batera, Lanbide Heziketa alorreko ikasketa ez da mugatzen erdimailako eta goi mailako lanbide formakuntza zikloetara, DBH-ko etapan ere, teknologia arloari esker, oinarrizko heziketa profesional bat bideratzea helburu baita.

Hauek dira LOGSE legeak ekartzen dituen berrikuntza aipagarrienak:

a) Metodologia aktiboa bultzatzea (ikasleak parte hartzen du ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan) eta ikasleak ikasten ikastera prestatzea.

b) Ikasleen aniztasunari erantzuteko estrategia ezberdinak ahalbidetzea, ikasle bakoitzari bere ezaugarri eta beharretara egokitutako hezkuntza eskainiz . Kontutan hartzen dira hezkuntza behar bereziak dituztenak, adimen gaitasun handikoak eta atzerritarrak.

d) Helduentzako hezkuntza (EPA). Bere garaian DBH-ko ikasketak utzi zituzten pertsona helduei DBH-ko gaitasun eta ezagutzak lortzeko aukera ematea du helburu.

e) Hezkuntza sistema malguagoa. Bere momentuan titulurik lortu gabe ikasketak utzi dituzten ikasleei nahiz ikasketa ibilbide zuzena jarraitu ez dutenei, hezkuntza sistemako ibilbide nagusira itzultzeko eta hezkuntza sistemako tituluak lortzeko aukera eskeintzen zaie. Horretarako, zeharkako ibilbideak eta beste neurri jakin batzuk proposatzen dira.

f) ORIENTAZIO departamentua sortzen da eta orientazio akademiko-profesionalak eta tutoritzak kontenplatzen dira hezkuntzaren funtzioen artean.

g) Ikasketa artistikoak, kirol ikasketak eta hizkuntz ikasketak ere hezkuntza sistemaren barruan txertatzen dira.

h) Atzerriko hizkuntzei garrantzia handiagoa ematen zaie:
  • Haur hezkuntzan hasten dira hizkuntza hau jorratzen (LGE-rekin 8 urtekin hasten ziren haurrak atzerriko hizkuntza ikasten).
  • Bigarren atzerriko hizkuntzaren ikasketarako aukera eskeintzen da DBH etapan.

3.- LOCE:

1990.eko hamarkadaren bukaeran, PP gobernuan dela, hezkuntzaren kalitatea hobetu beharra dagoela ikusten da; nazioarteko ikerketa batzuek ikasleen errendimendua eskasa azaleratzen dute, besterik beste. Honen ondorioz 2002. urtean beste lege bat proposatzen da: Ley Orgánica de Calidad de la Enseñanza (LOCE). Lege honen helburuen artean dauzkagu:

a) Kalitatezko hezkuntza eskaini. Emaitzak hobetu eta titulaziorik gabe ikasketak uzten dituzten ikasleen portzentaia txikitu batetik eta, bestetik, irakasleriaren etengabeko formakuntza ezinbestekoa bihurtu.

b) Hezkuntz komunitate osoaren inplikazioa lortu hezkuntza prozesuan. Hau da, arrakastaren ardura ez da soilik ikaslerena; familiak, ikastetxeak, irakasleriak ere badute zeresana. Esfortzua izan behar da hezkuntza komunitateko partaide guztien ezaugarria.

d) Teknologia berrien eskuragarritasuna ziurtatu.

e) Ebaluazioa hezkuntza prozesuko eragile eta eremu guztietara hedatu, hobekuntza helburu dela beti ere. Honela, ikasleak ez ezik, irakasleria, ikastetxea, curriculuma, administrazioak... ebaluatuak izango dira.

LOCE legeak promoziorako baldintzak zorrozten ditu eta DBH-ko 2. zikloan jadanik modalitate desberdinak eskaintzen ditu, ikasleak beren gaitasun edota nahien arabera espezializatzeko aukera emanez. Batxilergoko titulua lortu ahal izateko ezinbestekoa izango da azterketa bat egitea, eta “Gizarte, kultura eta erlijioa” izeneko gaia derrigorrezkoa izango da lehen eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan. Beste zenbait ezaugarri, LOGSE legeak kontenplatzen dituenak izango dira, hala nola: EPA, aniztasunaren trataera, orientazio departamentua... Lege hau izango da IKT-ak serioski aipatuko dituen lehena.

4.- LOE

LOCE legea hala ere ez zen aplikatzera iritsi, hauteskundeen ondoren gobernu aldaketa izan zelako, PSOE itzuli zen boterera. 2006. urtean berriz ere ekiten zaio legeari, eta Ley Organica de Educavión (LOE) delakoa onartzen da: aurreko lege guztiak ezabatuko ditu, oinarritzat LOGSE du baina LOCE-ren zenbait ikuspuntu ere barneratzen ditu. Ibilbidea inklusiboagoa da, eta aukera gehiago zabalduko ditu ahalik eta ikasle gutxiena aukera gabe uzteko helburuarekin. Oraingoan, “Educación para la ciudadanía” gai berria derrigorrezkoa izango da ikasle guztientzat. Erlijioa derrigorrez eskeini beharko da ikastetxeetan, ikasleen esku izanik aukeratzea ala ez. Edonola ere erlijioa ikuspuntu ez konfesionala jarraituz jorratuko litzateke. Aniztasunaren trataerarako modu desberdinak dira nabarmendu beharrekoak:
  1. Hautazkotasuna
  2. Desdoble taldeak
  3. Laguntza irakaslea gela barruan
  4. Lanbide hastapenerako programak (PIP)
  5. Errefortzuak
  6. Egokitzapen kurrikularrak
  7. Dibertsifikazio kurrikularrak
PIP-k, DBH-ko helburuak lortzen ez dituzten ikasleek jarraitzeko programak dira. Oinarrizko formakuntza profesionala eskaintzen dute, ikasle horiei lan munduan sartzeko bideak irekiaz edota erdi mailako lanbide heziketan beren ikasketak jarraitzeko aukera emanez.

Errefortzuak, gai guztiak gainditu gabe promozionatzen dutenei ezartzen zaizkien programak dira. Programa hauen helburua zera da: ikasleak etapan zehar modu eraginkorrean aurrera egin dezan behar dituen oinarrizko ikasketak lortzea .

Dibertsifikazio kurrikularrak. Gabezia sakonak eta iraunkorrak dituzten ikasleei zuzendutako programak dira; ikasle hauek ikaskuntzarako zailtasun orokorrak dituzte curriculumeko arlo gehienetan. 16 urtetik gorako ikasleei zuzenduta daude (DBH-n behin errepikatu dutenak eta DBH 2. maila egin ondoren, DBH 3.era pasatzeko baldintzetan ez daudenak). Ikasle hauek DBH-ko helburuak lortzeko metodologia espezifiko bat jarraitu behar dute, eduki, jarduera nahiz arlo desberdinak jorratuz.

5.- AMAITZEKO

Lau lege eta 38 urteko ibilbidea. Aldaketa handiak izan dira. LOE, azkenekoa izanik, beste guztiek izan dituzten hutsuneak betetzeaz gain, egungo gizarteak eta Europar Batasunak dituen eskakizunekin betetzea du helburu. Legea da ordea, asmo teorikoak, bete behar dutenak. Asko dago egiteko osotasunean aplikatzeko.

lunes, 17 de noviembre de 2008

Teknologi Berriak eta Hezkuntza laburpenaPWP



IGZ graduondoko Teknologia ikastaroko hirugarren talde-lan hau, La Laguna-ko Unibertsitateko irakasle MANUEL AREA MOREIRAren Problemas y Retos Educativos ante las Tecnologías Digitales en la Sociedad de la Información artikuluaren laburpena egitea eta ideia nagusiak Power Point batean antolatzea izan da.

Taldearen antolaketa:
Xabier Lete, Arantza Ordozgoiti eta Jexux Muruaren artean egin dugu lana. Berau burutzeko prozedura hau adostu dugu: artikulu osoa irakurtzea denok, lehen eta bigarren mailako ideiak bereiztea bakoitzak, bereizitako ideia bateratu eta esanguratsuenak adostea, Power-aren diseinua adostea, eta adostutako ideiak bertan idaztea.

Arazoak eta irtenbideak:
Ideia nagusien adostasuna lortzeko ez dugu zailtasunik izan; harrigarria izan da bakoitzak azpimarratu ditugun ideien artean egon den koinzidentzia maila. Power Point-ean idazterako, teknologi berrien aipamena modu desberdinetara egiten denez Area-ren testuan, informazio teknologia digital berriei erreferentzia egiteko ITD izen-laburdura erabiltzea adostu dugu.Zergatik 16 diapositiba eta ez 8? Informazio interesgarri asko galtzeko arriskua dagoelako; hobetsi dugu informazioa eman eta irakurleari edo aurkezleari diskriminazio aukera uztea.

Baliabide teknikoak:
Prestatutako Power-a konpartitzeko, ireki dugun docs.googel orrian zintzilikatu dugu, eta hartara, egindako lana lasai irakurri eta zuzenketak, aldaketak edo puntu berriak dokumentu berean proposatzeko edo egiteko aukera eman digu.

Jardueraren balioa:
Lehenik eta behin, ITD-ek gizartean eta, zehazki, hezkuntzan egun eta epe laburrera izango duten garrantziaz hausnarketa egitera bultza gaitu. Bestetik, testuaren lanketan ikuspegiak kontrastatzeko aukera eman digu, sintesirako adostasunak bilatuz. Hirugarrenik, Power Point-a egiteaz gain, gisa honetarako lanak egiteko googledocs-ek eskaintzen dizkigun aukeraz ohartzeko balio izan digu.

jueves, 30 de octubre de 2008

Planifikazio jardueraren hausnarketa

Taldearen antolaketa:
Taldekide bakoitzak ikasketa desberdinak ditugu. Bakoitzak, egindako ikasketekin erlazionatutako gai bat aukeratu dugu eta ikas maila desberdinetara egokitu. Planifikazio ikasgai testua, guztiok guztia irakurri dugu.

Arazoak eta irtenbideak:
Irakurri beharreko testua ez dugu aldi berean landu: Arantzak, fina bera, irakurria eta azpimarratua ekarri du eskolara. Honegatik, denbora aprobetxatze aldera, testua bakoitzak bere aldetik irakurri eta jarduera prestatzea erabaki dugu. Xabier eta Jexuxek presaka barneratu behar izan ditugu kontzeptuak eta zalantza izan dugunean Arantzarekin argitu ditugu.

Horrezaz gain, ez dugu aparteko arazorik izan. Zalantza izan dugu, prestatu beharreko jarduera guztiak ikasturte eta talde hipotetiko berarentzat prestatu ala ez. Bakoitzak garatu nahi duen ikasgaia burutzeko, ustez egokien den ikasturtea eta taldea irudikatzea erabaki dugu: Xabierrek mekanikako ikasgaia prestatu du; Jexuxek hitanoa lantzeko plangintza; eta Arantzak...

Ondorioak: Beharrezkoa da denak aldi berean astea eta lana banatzeko modukoa bada, lan banaketa egoki bat egitea. Taldean aritzeak kontzeptuen gureganatzea erraztu du, egon zitezkeen zalantzak argitzea erraztuz.

Jardueraren balioa: planifikazioaren garrantziaz jabetu gara. Irakaslearen paperean jarri gara eta gure ikasgai bat antolatu eta aurrera eramateko lehen hausnarketa egiten lagundu digu. Lanketa honek, ikasturtea eta urratsak irudikatzen lagundu digu eta eskema argi bat egitera behartu gaitu. Jardun interesgarria, gehiagotan egin beharko genukeena hobetzeko.